Azken aldi honetan, hainbat informazio irakurri eta entzuten ari gara handik eta hemendik, adimen artifiziala gure ikastetxeetan zein egoeratan erabil daitekeen ala ez aipatuz.
Sarrera honetan oso eskematikoki saiatuko gara laburbiltzen zein den egoera gaur egun Euskal Herrian. Euskaldun guztiok Europar Batasunean egon arren, batetik, Hego Euskal Herrian eragiten digun arautegia baitugu, bestetik Ipar Euskal Herrikoan beste bat.
Hego Euskal Herrian:
1. Zein da Hego Euskal Herrian adingabeek sare sozialak edo Adimen Artifiziala (AA) erabiltzeko baimena emateko adin-muga?
Gaur egun, muga 14 urtetan dago. Hau da, 14 urtetik beherakoek erabili nahi badute haien guraso edo tutore legalak eman behar du baimena. Hala ere, “Adingabeak ingurune digitaletan babesteko Lege Organikoaren Proiektua” izapidetzen ari da espainiar gobernua. Lege-proiektu horrek Datuak Babesteko Legea aldatzea proposatzen du, adingabeek beren datu pertsonalen tratamendua onartzeko adina 16 urtera igotzeko. Baina hori oraindik ez dago martxan, beraz 14 urte dituztenek zein nagusiagoek ez dute inoren baimenik behar gaur gaurkoz.
Beraz, lege berria onartzen denean, 16 urtetik beherako ikasle batek ezingo du AA tresnarik erabili?
Erabili ahal izango du, baina gurasoen edo legezko tutoreen baimenarekin bakarrik. Ikastetxeek edo zerbitzu-emaileek 16 urtetik beherakoen datuak tratatu nahi badituzte (adibidez, AA txat bat erabiltzeko), gurasoen baimen hori jaso beharko dute. Gurasoek 16 urtetik beherakoen izenean datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezerezteko eskubideak erabili ahal izango dituzte.
Zer gertatuko da 14 edo 15 urteko ikasle batek dagoeneko eman badu bere baimena tresna bat erabiltzeko?
Lege-proiektuak xedapen iragankor bat jasotzen du. Horren arabera, lege berria indarrean sartu aurretik 16 urtetik beherakoek (hau da, 14 eta 15 urtekoek) balioz emandako baimenek baliozkoak izaten jarraituko dute, harik eta ikasleak edo haren tutoreek baimen hori ezeztatzen duten arte.
Badago AAren erabilerari buruzko araudi espezifikorik hezkuntzarako?
Bai. Espainia “Adimen Artifizialaren erabilera egokirako eta gobernantzarako Lege-aurreproiektua” prestatzen ari da, EBko Araudia aplikatzeko. Araudi horrek hezkuntzan eta lanbide-heziketan erabiltzen diren AA sistemak “arrisku handiko” gisa sailkatzen ditu.
Zer betebehar zehatz izango dituzte ikastetxeek “arrisku handiko” AA sistema bat erabiltzean?
Ikastetxeak AA sistemaren “zabaltze-arduradunak” dira. “AA Legearen” aurreproiektuaren arabera, arau-hauste larritzat joko da betebehar hauek ez betetzea, besteak beste:
- Ez bermatzea sistemaren giza gainbegiratzea gaitasun, prestakuntza eta aginte egokia duten pertsonek egiten dutela.
- Ez ziurtatzea sarrerako datuak garrantzitsuak eta adierazgarriak direla sistemaren helbururako.
- AA sistemaren erabilera ez monitorizatzea, gertakari larrien berri ez ematea edo arrisku bat hautematean erabilera ez etetea.
- Erakunde publikoek (ikastetxe publikoek, esaterako) sistema erabili aurretik oinarrizko eskubideetan duen eraginaren ebaluaziorik ez egitea.
Ipar Euskal Herrian
1. Zein da Ipar Euskal Herrian adingabeek sare sozialak edo Adimen Artifiziala (AA) erabiltzeko baimena emateko adin-muga?
“Heldutasun digitalaren” adina 15 urtetan ezarrita dago. Adin hori Datuak Babesteko Europako Erregelamendu Orokorraren (DBEO/GDPR) Frantziako aplikazioak (Loi “Informatique et Libertés“) eta 2023ko “Gehiengo digitala ezartzeko Legeak” finkatzen dute.
2. Beraz, 15 urtetik beherako ikasle batek ezingo du AA tresnarik erabili?
Erabili ahal izango du, baina gurasoen edo legezko tutoreen baimenarekin bakarrik. 15 urtetik beherakoen datuak tratatzeko, tutoreen baimena behar da. Ikastetxeek edo zerbitzu-emaileek baimen hori jaso beharko dute. Gainera, gurasoek 15 urtetik beherako haurraren kontua eteteko eskaera egin dezakete.
3. Badago AAren erabilerari buruzko araudi espezifikorik hezkuntzarako?
Bai. Batetik, Frantziako estatuak EBko Adimen Artifizialaren Araudia (EU AI Act) aplikatu behar du. Araudi horrek hezkuntzan erabiltzen diren AA sistema asko (ebaluaziorako, ikasketa-emaitzak ebaluatzeko…) “arrisku handiko” gisa sailkatzen ditu.
Bestetik, Frantziako Hezkuntza Nazionalaren Ministerioak AA erabiltzeko esparru-dokumentu bat argitaratu du. Dokumentu horrek azpimarratzen du AA ikaskuntzaren zerbitzura soilik erabili behar dela, datuen babesa (DBEO) errespetatuz eta giza harremanaren balioari kalterik egin gabe.
4. Nork gainbegiratzen du hau Frantzian?
Datuen babesari dagokionez, agintaritza nagusia CNIL da (Commission Nationale de l’Informatique et des Libertés). CNIL arduratzen da DBEO betetzen dela eta AA sistemek pribatutasuna errespetatzen dutela zaintzeaz. Berriki, 2025eko ekainean, irakasleentzako eta ikastetxeetako arduradunentzako gida espezifikoak argitaratu ditu.
5. Zer betebehar zehatz dituzte ikastetxeek eta irakasleek AA erabiltzean?
CNILen eta Hezkuntza Ministerioaren jarraibideen arabera:
- Irakaslearen erantzukizuna: Irakasleek publiko orokorrarentzako AA tresnak erabil ditzakete (adibidez, klaseak prestatzeko), baina haien erantzukizunpean, eta emaitzak beti egiaztatu behar dituzte.
- Datu pertsonalak: Inoiz ez dira erabili behar publiko orokorrarentzako AA tresnak datu pertsonalak, konfidentzialak edo egile-eskubidedunak prozesatzeko.
- Ikasleen kontuak: Irakasleek ez diete inola ere ikasleei eskatu behar publiko orokorrarentzako AA zerbitzuetan kontu pertsonalik sortzeko.
- Gardentasuna: Ikasleak eta gurasoak informatu behar dira AA sistema bat erabiltzen ari bada haien datuekin.
- Giza gainbegiratzea: AAk sortutako emaitzak (adibidez, zuzenketak) beti irakasle batek balioztatu behar ditu, eta ezin da AA erabili ikasleen portaerari buruzko iritzi inpartzialik ematen ez badu.
- Debekuak: Ez da gomendatzen AA bidezko plagio-detektagailuak erabiltzea, ez baitira fidagarriak eta ikasle bat bidegabeki zigortu lezakete.
Honako MEG hau erabilgarria ikusten baduzu, zure lankide eta familien artean zabaldu dezakezu.