Zer da Teknologia Pilulak?

“Teknologia pilulak” da, Beñat Erezuma Teknologia irakaslearen web-orria.

DBH eta Batxilergoko Teknologiak eta Industria Teknologiaren inguruko informazioa aurkituko duzu gehienbat bertan, bestelako proiektu pertsonalak ere biltzen ditudan arren. Azkenean, web-orriarena aitzakia bat baino ez da, burutik pasatzen zaizkidan ideiak ordenatuta izateko. Ikasturtean zehar hainbat proiektu eta lan egin behar izaten dira eta horiek guztiak biltzeko aukera ematen dit web-orriak.

Baina, lehendabizi, aurkez dezadan nire burua eta aipatu dezadan nolatan jarri dudan martxan berezuma.com proiektua:

2003. urtean Ingenieritza Tekniko Industriala amaitu nuen, elektronika industrialeko espezialitatearekin. Handik bi urtera, 2005an, Antolakuntza Industrialeko Ingenieritza bukatu nuen Deustuko Unibertsitatean.

Azken urtea praktiketan eman nuen Maier Technology Centren. Gero, beste bi urte eta erdi emango nituen bertan lanean.

2008. urteko irailean lanbidez aldatu eta irakaskuntzara salto egin nuen eta ordudanik irakaskuntzan dihardut lanean. Beste askok bezala, hainbat ikastetxe ezagutu ditut, ordezkapenak egiten ibili izan bainaiz. Urte gehienak Matematika eta Teknologia eskolak ematen lan egin arren, Lanbide Heziketan ere eman nituen ikasturte pare bat.

2016. urtean Teknologia irakasgaiko oposaketak gainditu nituen eta Bilboko Unamuno BHIn eskolak eskaintzen hasi nintzen. 2016ko udazkenean nire beste bi pasio (euskara eta YouTube) lotu nituen proiektu pertsonal baten bidez: Euskara Satorra, Youtuben, euskara ikasteko kanala sortu nuen. Gaur egun, 100 bideo baino gehiago igo ditut kanalera.

Bestetik, azken urteotan Elhuyar Zientzia-Azokan eta STEAMxHealth erronkan parte hartu dut nire ikasleekin batera eta azken horri esker, aste bete eman nuen ikasleekin batera EduCaixak antolatutako Campus batean. STEMfairNET proiektuan ere parte hartu nuen. Bertan, Europako zientzia-azoken sarea sortzea zen helburu nagusia. Proiektu horri esker, Milan, Brusela eta Oportoko zientzia-azokak ezagutzeko aukera izan nuen.

2019tik 2021 urtera arte, ikastetxean STEAM proiektua koordinatzen aritu nintzen eta baita UnamunoTube izeneko proiektu komunikatiboa sortzen.

2021/2022 ikasturtean Getxoko Berritzeguneko Zientzia eta Teknologia aholkularia izan nintzen. 2021. urtearen amaieran Artiadi izeneko olerki-liburua argitaratu nuen. Olerkiok GPT-3 izeneko adimen artifizialak osatu zituen.

2022/23 ikasturtean Berritzegune Nagusian izan nintzen Hezkuntza berrikuntza laguntzaile lanetan curriculum eta metodologian. Urtean zehar ebaluazio lantaldean aritu nintzen batez ere lanean. 2022. urteko udazkenean Zero eta Bat izeneko podcasta sortu nuen. Bertan, istorio laburrak kontatzen dira, denak ere adimen artifizialak sortuak.

2023/24 ikasturtean Berritzegune Nagusian ari naiz lanean, Digitalizazio esparruan. “Adi programa” martxan jartzen ari gara, bertan, pentsamendu konputazionala, programazioa eta robotika ikastetxeetan lantzeko proposamena prestatzen ari gara. Bestetik, Mondragon Unibertsitatean HUHEZIn kolaboratzen ere ari naiz, STEM eta Digitalizazio esparruan, ikerketan eta barne trebakuntza eskaintzen.

Nirekin kontaktuan jarri nahi baduzu, joan zaitez hona.

Linkedinen ere aurkituko nauzu hemen.