PISA 2029: Komunikabideen eta adimen artifizialaren alfabetatzea

ELGAk antolatutako PISA (Programme for International Student Assessment) programak 2029an konpetentzia berri bat ebaluatuko du: Media & Artificial Intelligence Literacy (MAIL), hau da, komunikabideen eta adimen artifizialaren alfabetatzea.

Ebaluazio horren berri izan dugun honetan, horren inguruan lehenengo hausnarketa bat zabaldu nahi dugu Elia Revuelta eta Beñat Erezumak.

Lehenengo eta behin, ebaluazio horrek argituko du ea ikasle gazteek aukerak izan dituzten ikasteko eta modu proaktibo nahiz kritikoan parte hartzeko. Hori, tresna digitalek eta adimen artifizialak gero eta gehiago bitartekaritza lana egiten duten mundu batean.

Testuak azpimarratzen du tresna digitalek aukerak (adierazpen askatasuna, ezagutza kolaboratiboa, herritarren parte-hartzea) eta erronkak (informazio ez fidagarria, desinformazioa, alborapenak, plagioa) dakartzatela. Adimen Artifizial Sortzailearen (AAS) aurrerapenek erronka horiek areagotu besterik ez dituzte egiten, edukia azkarrago eta errazago sortzea ahalbidetuz.

Testuinguru horretan, funtsezkoa da konpetentzia horiek sustatzea eta ebaluatzea. MAIL izeneko ebaluazioak ikasleen konpetentziak neurtuko ditu honako arlo hauetan: tresna digital eta AA tresnen funtzionamendua ulertzea, tresna digital eta komunikabideetan gizakiak duen papera, tresna digital eta AA tresnen erabileraren ondorio sozial eta etikoak, tresna digital eta AA tresnekin modu eraginkorrean komunikatu eta kolaboratzea, eta komunikabideen edukia modu kritikoan ebaluatzea.

Ebaluazio berri hori ingurune simulatu baten bidez egingo dela aurreikusten da, eta tresna funtzional errealistak erabiliko direla (internet, sare sozialak eta AA sortzaileko tresnen simulazioak). Ebaluazioaren emaitzak 2031ko abenduan espero dira.

Eta gurean zer?

PISA 2029 MAIL ebaluazioak eragin handia izango du Euskal Herriko ikastetxeetan ere. Hauek dira aurreikusten ditugun alderdiak:

  1. Curriculumen egokitzapena: Ebaluazioak argi utziko du ea egungo curriculumek behar bezala jorratzen dituzten komunikabideen eta adimen artifizialaren alfabetatzearekin lotutako konpetentziak. Litekeena da ikastetxeek eta hezkuntza sistemek curriculumak egokitu behar izatea, arlo horiei pisu handiagoa emanez.
  2. Irakasleen prestakuntza: Komunikabideen eta AAren inguruko konpetentziak irakasteko, irakasleek prestakuntza egokia jaso beharko dute. Gai horiek konplexuak dira eta etengabe aldatzen ari dira, beraz, etengabeko formakuntza funtsezkoa izango da.
  3. Tresna digitalen eta AAren integrazio didaktikoa: Ebaluazioak azpimarratzen du ikasleek tresna digitalekin eta AA tresnekin modu kritiko eta etikoan elkarreragiten jakin behar dutela. Horrek esan nahi du ikastetxeek tresna horiek hezkuntza prozesuan integratu beharko dituztela, baita ikasleei horien erabilera arduratsua eta kritikoa irakatsi beharko dietela ere.
  4. Baliabide teknologikoak: Ebaluazio simulatuaren formatuak iradokitzen du ikastetxeek baliabide teknologiko egokiak beharko dituztela ikasleak ebaluaziorako prestatzeko eta, orokorrean, alfabetatze digitala lantzeko.
  5. Hezkuntza politika eta ebaluazio sistemak: PISAren emaitzek eragina izan ohi dute hezkuntza politiketan. Uste dugu emaitza horiek bultzatu dezaketela komunikabideen eta AAren alfabetatzeari lehentasun handiagoa ematera hezkuntza planetan. Gainera, barneko ebaluazio sistemak ere egokitu beharko lirateke, konpetentzia horiek kontuan hartzeko.
  6. Arrakala digitalaren murrizketa: Ebaluazioak agerian jar dezake ikasleen arteko arrakala digitala, bai baliabide teknologikoei dagokienez, bai konpetentzien garapenari dagokienez. Ikastetxeetan ahaleginak egin beharko ditugu arrakala hori murrizteko.

Egin beharrekoa

Gure ustez, Euskal Herriko ikastetxeek eta orohar hezkuntza sistemek honako hauek egin beharko lituzkete, PISA 2029 MAIL ebaluaziorako eta etorkizuneko erronka digitalei aurre egiteko:

  1. Curriculumen berrikuspena eta eguneraketa: Komunikabideen eta adimen artifizialaren alfabetatzea arlo eta jakintzagaietan txertatzea. Konpetentzia horiek Haur Hezkuntzatik Batxilergora arte landu behar dira, adinaren eta mailaren arabera egokituz. 2023an argitaratutako curriculumek aukera eskaintzen dute horretan sakontzeko.
  2. Irakasleen prestakuntza plan espezifikoak: Irakasleei komunikabideen eta AAren inguruko ezagutzak eta irakaskuntza-estrategiak eskaintzea. Horrek barne hartu beharko luke AA tresnen erabilera didaktikoa, informazioaren ebaluazio kritikoa, zibersegurtasuna, pribatutasuna eta etika digitala.
  3. Baliabide teknologikoen hornikuntza eta azpiegituren hobekuntza: Ikastetxe guztietan beharrezkoak diren baliabide teknologikoak eskura izatea bermatzea, bai ikasleek bai irakasleek.
  4. Hezkuntza komunitate osoaren kontzientziazioa: Gurasoak, irakasleak, ikasleak eta hezkuntza arloko gainerako eragileak sentsibilizatzea komunikabideen eta AAren alfabetatzearen garrantziaz, eta elkarlanean aritzea konpetentzia horiek garatzeko.
  5. AAren erabilera etiko eta arduratsua sustatzeko jarraibideak sortzea: Ikastetxeetan AA tresnen erabilera (ikasleek zein irakasleek) arautuko duten irizpide etikoak eta praktikoak ezartzea.
  6. Ebaluazio tresna propioak garatu edo egokitu: PISA MAIL ebaluazioaren aurretik ere, ikastetxeetan komunikabideen eta adimen artifizialaren alfabetatzea ebaluatzeko moduak garatzea edo egokitzea, ikasleen aurrerapena jarraitu ahal izateko.
  7. Hezkuntza sistemaren eta unibertsitateen arteko elkarlana: Unibertsitateekin lankidetzan aritzea irakasleen hasierako prestakuntzan eta etengabeko formakuntzan komunikabideen eta AAren alfabetatzea behar bezala integratzeko.

Azkenik, uste dugu PISA 2029 MAIL ebaluazioa aukera bat dela Euskal Herriko hezkuntza sistemek erantzuna emateko etorkizuneko gizarteak eskatuko duenari. Horretarako, ezinbestekoa izango da curriculumak, irakasleen prestakuntza eta baliabideak egokitzea, betiere erabilera kritiko, etiko eta arduratsua sustatuz.

Elia Revuelta eta Beñat Erezuma

Zabaldu!

Web-orria erabiltzen jarraitu ezkero, cookien erabilerarekin ados zaudela adierazten duzu. informazio gehiago

The cookie settings on this website are set to "allow cookies" to give you the best browsing experience possible. If you continue to use this website without changing your cookie settings or you click "Accept" below then you are consenting to this.

Itxi