Zer aurkituko duzu hemen?
Euskarazko Wikipedia mapan: ikasteko tresna berria
Sarritan, hainbat galdera egiten dizkiogu gure buruari, adibidez, non jaio ziren Euskal Herriko pertsonaia historikoak? Edo nire herrian zenbat zubi daude? Bada, hori eta galdera gehiago egiteko modu erraz eta bisual bat sortu dut: Euskarazko WikiMapa.

Proiektu xume honen helburua da euskarazko Wikipediako milaka artikulu mapan kokatzea (ahal izan ditudanak, behintzat) milaka boluntariok osatutako jakintza mapari lotuz. Informazioa modu bisualean ikusteak beste ikuspegi bat eskaini dezake, eta horregatik uste dut tresna hainbat egoeratan erabil daitekeela.
Ikasgelarako tresna
Testuliburuetatik haratago, mapak aukera egokiak eskaintzen ditu ikasgelan hainbat gai lantzeko:
- Historia eta Gizarte Zientziak: Non daude Euskal Herriko gaztelu zaharrak? Non gertatu ziren gure historiako gertakari garrantzitsuak? Maparen iragazkiak erabiliz, gai zehatzak landu ditzakezue (adibidez, “erakutsi eliza guztiak”) eta ikasleek horien testuinguru geografikoa uler dezakete.
- Geografia: Erabili mapa mendiak, kobazuloak edo hondartzak esploratzeko. Ikasleek beren ingurunea azter dezakete “erabiltzailearen kokapena” botoia sakatuz, eskolatik gertu zer puntu interesgarri dauden ikusteko.
- Euskara eta Literatura: Bilatu idazleen jaioterria. Liburu bateko istorioa kokatzen den lekuak bilatu eta ibilbide literario bat sor dezakezu mapan.

Nola funtzionatzen du?
Maparen erabilera oso intuitiboa da:
- Mugitu eta esploratu: Saguarekin mapa mugitu eta zoomarekin jolastu. Markatzaileak automatikoki agertuko dira.
- Informazioa jaso: Egin klik markatzaile batean eta artikuluaren laburpen txiki bat agertuko da, irudi eta guzti. Gehiago jakiteko, Wikipediako artikulu osorako esteka duzu.
- Bilatu eta iragazi: Erabili goiko bilaketa-barra zerbait zehatza aurkitzeko edo iragazkiak aktibatu kategoria jakin bateko puntuak soilik ikusteko.
Tresna hau web teknologia irekiekin eraikita dago eta ez du ezer instalatu beharrik; edozein nabigatzailetatik zuzenean erabil daiteke.

Egiletza eta eskerrak
Proiektu pertsonala da, Gemini AA-ren laguntzarekin garatua. Datu-iturri nagusiak, nola ez, euskarazko Wikipedia eta OpenStreetMap dira. Euskal Herriko mugen datuengatik, eskerrak eman behar dizkiet CodeSyntax eta Ahotsak.eus-eko lagunei (EHmapa proiektua).
Proiektu hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 lizentziapean argitaratuta dago, edonork erabili eta moldatu ahal izateko.
Irakasle, ikasle edo, besterik gabe, jakin-mina duen edonor bazara, tresnari begirada bat ematera gonbidatzen zaitut.
labur.eus/wikimapa
Eta hemen duzu proiektuaren kodea.