Gaur proiektu berri bat partekatzera nator, buruan nerabilen ideia bat da: fisikako kontzeptu bat modu bisual eta interaktiboan lantzeko tresna bat. Askotan, formulak eta ekuazioak abstraktuak izan daitezke, baina zer gertatzen da aldagaiak aldatzean zer gertatzen den denbora errealean ikus badezakegu?
Galdera horri erantzuteko, Higidura Parabolikoaren Simulagailua sortu dut.

Zer aurkituko duzu hemen?
Zergatik proiektu hau?
Tresna honekin, helburua da fisikako problema klasiko bat “ukigarri” bihurtzea. Nola aldatzen da jaurtiketa baten ibilbidea abiadura handitzean? Zein da angelurik onena ahalik eta urrunen iristeko? Nola eragiten du airearen marruskadurak? Galdera horiei guztiei erantzuten laguntzea da simulagailu honen xedea.
Zer aurkituko duzu simulagailuan?
Proiektua bi atal nagusitan banatuta dago:
1. 2D Simulagailu Klasikoa
Hau da atalik didaktikoena. Hemen, jaurtiketa paraboliko baten oinarrizko parametro guztiak kontrola ditzakezu:
- Hasierako abiadura
- Jaurtiketa-angelua
- Hasierako altuera
- Airearen marruskadura
Aldagaiak aldatu ahala, ibilbidea nola aldatzen den ikusiko duzu, eta jaurtiketa bakoitzaren emaitza zehatzak (iritsiera, altuera maximoa, hegaldiaren denbora) lortuko dituzu. Gainera, “Formulak” atalean, kalkulu idealen (marruskadurarik gabekoen) eta simulazio errealaren arteko konparaketa aurkituko duzu.

2. 3D Falta Jaurtiketa
Fisika bera, baina modu ludikoagoan. Atal honetan, futbol zelai batean falta bat jaurti beharko duzu. Baloiaren posizioa, jaurtiketaren indarra eta norabidea zehaztu ahal izango dituzu. Helburua? Harresia gainditu eta… gola sartzea!
Atal hau erronka txiki bat da, eta fisikaren aplikazio praktiko bat erakusten du. Gainera, energia zinetikoaren eta potentzialaren inguruko azalpenak ere baditu.

Nola dago egina?
Proiektu osoa web teknologia estandarrekin garatuta dago:
- HTML, Tailwind CSS eta JavaScript egitura eta logikarako.
- 3D bistaratzeko, Three.js liburutegi zoragarria erabili dut.
- Datuen grafikoak Chart.js-rekin eginak daude.
Probatu eta partekatu!
Espero dut proiektu hau erabilgarria edo, gutxienez, entretenigarria iruditzea. Ikasle, irakasle edo, besterik gabe, jakin-mina duen edonorentzat tresna interesgarria izan daitekeela uste dut. Anima zaitez probatzera eta jolastera.
Hemen duzu esteka: