BEREZUMA.COM

Zer automatizatu lanean adimen artifizialarekin, eta zer ez

Adimen artifiziala

2024an, Suediako Klarna ordainketa enpresak bezeroen arreta adimen artifizialaren esku utzi zuen neurri handi batean. Langile kopurua 5.000tik 3.000ra jaitsi zen urte gutxian, AAren eta egoera ekonomikoaren eraginez. Handik gutxira, ordea, bezeroen kexak ugaritu egin ziren, eta enpresak berriro hasi behar izan zuen pertsonak kontratatzen arreta zerbitzurako.

Kasu hori BERRIAko zutabe batean kontatu nuen. Klarnak bezeroekiko harremana utzi zuen makinaren esku, eta bezeroek berehala nabaritu zuten.

Irakasleentzako AA ikastaroak eskatu dizkidatenean, eskaera gehienak tresnetan zentratu dira. Denok jakin nahi dugu nola arinduko digun lana, nola kenduko digun burokrazia. Eta erakundeetan ere galdera bera entzuten da. Baina galdera hori bigarrena da. Lehenengoa da zer utzi makinaren esku.

Hiru galdera proposatzen ditut. Lehena, ea zeregina errepikakorra den. Astero idazten den posta bera, hilero egiten den txostena, bilera bakoitzaren akta. Errepikatzen den lanak eredu bat du, eta makinak ondo ikasten ditu ereduak.

Bigarrena, ea emaitza minutu gutxitan egiazta dezakedan. Itzulpen zirriborro bat irakurri eta zuzendu daiteke. Sare sozialetarako testu baten bertsio laburra ere bai. Baina berrogei orriko dokumentu baten laburpena, jatorrizkoa irakurri gabe, ez dago egiaztatzerik. Eta egiaztatu ezin dena ez nuke automatizatuko.

Hirugarrena, ea akats batek norbaiti kalte egingo liokeen. Posta txantiloi batean hitz bat oker badago, zuzendu eta kitto. Baina lanpostu baterako hautagaiak iragaztea, kexa delikatu bati erantzutea edo norbaiten lana ebaluatzea beste kontu bat da. Gainera, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak debekatu egiten ditu pertsonengan ondorio juridikoak dituzten erabaki guztiz automatizatuak.

Hiru galderei baietz, baietz eta ezetz erantzuten badiezu, automatizatu lasai. Aktak, posta txantiloiak, itzulpen zirriborroak, testuen egokitzapenak, gidoiak eta aurkezpenen lehen bertsioak. Hor aurrezten da denbora, eta hor ikasten du taldeak tresna nola dabilen.

Eta lehen bietako bati ezetz edo hirugarrenari baietz erantzuten badiozu, makinak lagun dezake, baina erabakia pertsona batena izan behar da. Bezero batekin dagoen harremana, langile baten egoera, erakundearen izenean ematen den hitza. Klarnak bezeroen arretan ikasi zuena da hori, garesti gainera.

Ariketa sinple bat proposatzen dizut. Idatzi asteko zure zereginen zerrenda bat eta pasa bakoitza hiru galderetatik. Ziurrenik bizpahiru zeregin aterako zaizkizu automatizatzeko modukoak, eta beste batzuk hobe direnak zuk egiten jarraitzea. Bilera bakoitzaren aktarekin hasteko, hemen duzu lan fluxu bat: Aktak eta txostenak AArekin, euskaraz.

Tresnak aldatu egingo dira, baina galdera horiek berdin balioko dute.

/ ERAKUNDEENTZAT Zuen taldeak ere AA irizpidez erabili nahi du? Lau orduko tailer praktikoa eta hitzaldiak, euskaraz eta aurrez aurre: zer automatizatu, zer ez eta zer datu ez sartu. Ikusi eskaintza