Youtubeko Euskara Satorra kanalera igo berri dut euskara eta adimen artifizialaren inguruko bideo labur bat. Hemen duzue han aipatzen dudana.
Zer dute amankomunean kotxe autonomoek eta itzultzaile neuronalek? Biek erabiltzen dutela adimen artifiziala. Eta etorkizunean gidabaimenik gabe kotxe baten ibiliko garen moduan, izango al du zentzurik bigarren edo hirugarren hizkuntzaren bat ikasteak, lehenengoa erabilita mundu guztiarekin komunikatu ahal bagara?
Azter dezagun gaur egungo egoera itzultzaile neuronalen inguruan, eta mahaigaineratu dezagun etorkizun laburrean izan dezakegun eszenatokiren bat. Baina hori egin aurretik, hitz egin dezagun ibilgailu autonomoen inguruan.
Wikipediaren arabera ibilgailu autonomoa da gizakiaren gobernatze eta kontrol-ahalmenak imitatzeko gai den ibilgailua. Bere inguruan gertatzen dena hautemateko eta horren arabera nabigatzeko gai da ibilgailu autonomoa. Gidariak bere helmuga aukeratu dezake baina ez du behar inongo operazio mekanikorik aktibatzerik.
Autonomiaren arabera mailakatzen dira ibilgailuak, 0tik 5erarte. 5. mailako ibilgailuak guztiz autonomoak izango lirateke. Momentu honetan Teslaren Model S ibilgailua adibidez, 3. mailan kokatzen da. Baina urte batzuk barru 5. maila lortuko duten ibilgailuak egongo dira gure kaleetan zehar.
Eta guzti hori adimen artifizialari esker burutuko da. Baina zer da adimen artifiziala? Berriro ere, wikipediaren arabera adimen artifiziala da izaki bizidunen prozesu arrazional eta deduktiboak burutzeko makina batek duen gaitasuna.
Oso ondo, baina zer ikusi dauka ibilgailu autonomoak euskararekin eta hizkuntzekin orohar?
Azken urteotan eta munduan zehar, adimen artifiziala erabiltzen ari dira hainbat proiektutan itzultzaile perfektua aurkitu asmoz. Eta Euskal Herrian ere euskara erabiltzen duten proiektuak aurki ditzazkegu.
Nire gomendioa da merkatuan dauden itzultzaile neuronalak probatu eta norberak ikustea zeinek betetzen dituen bakoitzaren beharrizanak hobetoen.
Baina ibilgailu autonomoetan ikusi dugun bezala, itzultzaile neuronaletan ere badago zer hobetu. Eta hobetuko direla ez dago zalantzarik, ikasten ari baitira behin eta berriz.
Beno, saiatuko al gara bideoaren hasieran bota dugun galdera erantzuten? Etorkizunean izango al du zentzurik bigarren edo hirugarren hizkuntzaren bat ikasteak, lehenengoa ondo menperatzen badugu?
Irudika dezagun 2050. urtea. 18 urteko gazteak ez daki zer den ibilgailu baten gidabaimena izatea. Burutik pasatu ere ez zaio egiten ibilgailua berak gidatuko duenik. Bertan sartu eta nora joan nahi duen esatea nahikoa da, ibilgailua martxan hasi eta bere helmugara joateko. Berarentzat gauza bera da, ibilgailuari nora joan esatea edo igogailu baten sartu eta zein solaraitara igo nahi duen esatea. Ez du ezer gehiago egin behar.
18 urteko gazte horrek euskara eta gaztelera ikasi ditu etxean, horrela hitz egiten baitute aitak eta amak. Entzun du garrantzitsua zela XXI. mendearen hasieran hizkuntzak jakitea, batez ere ingelesa, mundu osoarekin komunikatzeko hizkuntza baitzen. Ez du ulertzen beste hirugarren hizkuntza bat ikasi beharra, euskaraz hitz egin baitezake aleman batekin eta itzultzaile neuronalak momentuan bertan itzultzen baitu berak esandako guztia. Alemanak bere aldetik, belarrian gailu bat du, euskaldunaren ahotsa bera ere imitatzeko gai da gailu hori eta alemanera bikainera itzultzen du euskaldunak esandakoa. Momentuan bertan eta informaziorik galdu gabe.
Eszenatoki hori gertatuko al da 2050. urtean? Ez dakigu noiz izango den, baina argi dago, adimen artifiziala gure bizitzak aldatuko dituela. Eta Euskarak etorkizunik izango badu, honetan ere ezin izango dugu atzean geratu.
Adibidez, bideoan esandako guztia adimen artifizialaren bidez itzuli da. Klik bat nahiko izan da dena itzultzeko.
Itzultzaile neuronalak:
https://itzultzailea.eus/eu/itzultzailea
https://www.modela.eus/eu/itzultzailea
https://www.euskadi.eus/itzultzailea/