Zer da Nikostrata?
NIKOSTRATA da konpetentzietan oinarritutako ebaluazioa garatzeko ISEI-IVEIk antolatu duen itemen datu-bankua. Bertan bildu dira 2009tik hona maila desberdinetan eginiko konpetentzia desberdinen ebaluazioetan erabilitako item guztiak, hala nola:
- Ebaluatutako konpetentziak: euskarazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia, gaztelaniazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia, matematikarako konpetentzia, ingelesezko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia, zientzietarako konpetentzia, gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia, Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia, zientzia-, teknologia-, eta osasun-kulturarako konpetentzia.
- Ebaluatutako mailak: LH3, LH4, LH6, DBH2 eta DBH4.
Datu-bankuan jaso dira ISEI-IVEIk Berritzeguneekin batera kanpo-ebaluazioetarako orain arte taxututako itemak eta ebaluazio-probak. Une honetan, ISEI-IVEI datu-bankua egokitzeko eta hobetzeko lanean ari da.
NIKOSTRATA internet bidez kontsultatu ahal izango da, dagozkion moldaketak egin eta jasotzeko eta balio izango du baita ere ebaluazio-probak ikasleei aplikatzeko eta lorturiko emaitzen berri emateko.
2019-2020 ikasturtean zer egingo da?
Lantaldeen bitartez, honako zereginak burutuko dira:
- 2019-20an etapa amaieran (LH 6 eta DBHko 4) burutuko den ingelesezko hizkuntz-konpetentziaren ebaluazio-diagnostikoan aplikatuko diren errendimendu-probak prestatzea.
- Etapa erdiko (Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 2. mailako) item berriak eta ebaluazio-probak prestatzea, hiru alorretan, Matematika-, Zientzia- eta Ikasten eta pentsatzen ikasi konpetentzietan, 2021eko Ebaluazio Diagnostikoan erabiltzeko. Landutako itemak eta probak prest izan beharko ditugu urtarrilaren 17rako ikasturte honetako bigarren hiruhilekoan, martxoan, pilotatzeko.
- Ikastetxeetan konpetentzietan oinarritutako ebaluazioa sustatzea. Horretarako ondoko urratsak emango dira:
- Itemen eta ebaluazio-proben NIKOSTRATA datu bankua garatzea.
- Aukeratutako ikastetxeekin (12-15) elkarlana bideratzeko oinarrizko prestakuntza eskaintzea.
- NIKOSTRATA datu-bankua elikatzeko elkarlana bideratzea begiz jotako ikastetxeekin.
- Berritzegune guztietan ikastetxeen erreferentziazko aholkulariak diren pertsonak trebatzea.
- Konpetentzietan oinarritutako ebaluazioa ikastetxe guztietara hedatzea.
Lehen hiru urratsak ikasturte honetan bertan emango ditugu baina azken biak, laugarrena eta boskarrena, berriz, 2020-2021 ikasturtean zehar garatuko dira. Nolanahi ere, hirugarren egitekoa ikasturte honen azken hiru hilabetekoan garatzen hasiko badugu ere 2020-2021 ikasturte osoan zehar ere garatu beharko dugu.
Eta ikastetxeekin nola burutuko da elkarlana?
Esan bezala NIKOSTRATAn orain arte jasotako itemak eta ebaluazio-probak kanpo-ebaluazioetarako ISEI-IVEIk Berritzeguneekin elkarlanean taxututakoak dira.
Baina datu-basea antolatu da ikastetxeek eurek badituzten itemak eta ebaluazio-probak ere jasotzeko eta partekatu ahal izateko. Izan ere, ISEI-IVEIk garatzen dituen konpetentzietan oinarritutako kanpo ebaluazioez gain badira ikastetxeak euren barne-ebaluazioetarako konpetentzietan oinarrituriko ebaluazioen aldeko apustua egin dutenak: euren ebaluazio-probak antolatu eta garatu dituzte, maila hauetarako ez ezik baita bestelako mailetarako ere. Eta zenbaitzuk ISEI-IVEIk ebaluatzen dituen konpetentziez gain bestelako konpetentziak ere ebaluatzen dituzte. Horiek guztiak jaso eta partekatu ahal izateko antolatu da NIKOSTRATA eta dagozkion aldaketak egingo dira aplikazioan ikastetxeen ebaluazio-beharretara ahalik eta egokien moldatzeko.
Hori dela eta, ikasturte honetan, apustua egingo dugu, konpetentzietan oinarritutako ikastetxeekin elkarlanean arituz, batzuen eta besteen ahaleginei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Elkarlana sustatuko dugu parte hartu nahi duten ikastetxeekin oinarrizko irizpide jakinen arabera lanean aritzeko, konpetentzia jakin batzuen ebaluazioan zentratzeko eta bestek eginiko lanaz baliatzeko.
Informazio-iturria:
Informazioa ISEI-IVEIk proiektuan parte hartzen dugun ikastetxeoi zabaldutakoa da.